Etxetik kaleratu behar zuten emakume batek bere buruaz beste egin du Barakaldon

Iturria: Bilboko Branka

Amaia Egañak 53 urte zituen eta leihotik behera egin du salto etxetik kaleratzera zihoazenean. 19:30ean manifestazioa deitu dute Barakaldoko Justizia Jauregitik. Stop Desahuciosek ere elkarretaratzea deitu du 21:00etan ezbeharra jazo den tokian.

Etxe kaleratzeek beste biktima bat eragin dute gaur Euskal Herrian. Amaia Egaña, bere etxetik kaleratua izan behar zuen 53 urteko barakaldotarra, bere buruaz beste egin du gaur goizean lehiotik behera jauzita. Berehala hil egin da.

Idoia Mendia Lakuako eledunak ezagutzera eman duenez, hildakoa Jose Manuel Asensio PSEren Barakaldoko zinegotziaren emaztea da.

Albiste agentziek diotenez, 09:20 aldera jazo da ezbeharra, Escuela de Artes y Oficios kaleko 11. zenbakian. Anbulantzia bat berehala bertaratu da baina ezin izan dute ezer egin emakumearen bizitza salbatzeko.

Mobilizazioak

Stop Desahucios eta Sendia elkarteetako kideak ere bertaratu egin dira. Stop Desahuciosek elkarretaratzea deitu du etxebizitzaren aurrean 21:00etan “terrorismo finantzarioaren aurka”. Kaleratzeen aurkako plataformatik onartu dute ez zutela kasuaren berri.

Barakaldoko bizilagunek, bestalde, manifestazioa egingo dute 19:30ean Bide Onera plazan dagoen Justizia Jauregitik, Herrikolore agerkariak jakinarazi duenez.

EH Bilduren proposamena

EH Bilduren hautagai Laura Mintegik esan du koalizioak Legebiltzarrean egingo duen lehen proposamena etxe kaleratzeak gelditzera bideratuta egongo dela. Gasteizko Parlamentuan egindako adierazpenetan azaldu du gaur Barakaldon jazotakoa “bakuen interesak pertsonen interesen gainetik jartzen duen politika ekonomiko baten ondorio larria” dela.

EH Bilduk etxe kaleratzeak geldiarazteko proposamen zehatza aurkeztu zuen hauteskunde kanpainan. Bankuek kaleratu behar dituzten lagunen etxeak instituzio publiko baten esku geratzea proposatzen du koalizioak. Instituzio horrek hipoteka ordaindu ezin dutenei etxean jarraitzea bermatuko lieke eta alokairu soziala jarriko lieke, beti ere irabazien %15 gaindituko ez lukeena. Behin egoera ekonomikoa hobetzen denean, pertsona horiek bankuarekin hipoteka berriz negoziatzeko aukera izango lukete.