Oskar Elizburu eta Mertxe Mugika (AEK): “Euskaraz bizi nahi dugulako”

Abenduaren 1ean euskal herritarrok hitzordua dugu Donostian, manifestazioa burutuko  dugulako, bertan, “Euskaraz bizi nahi dugu” lelopean.

 

Milaka herritar gara euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok; baina, zoritxarrez, milaka arazo aurkitzen dugu geure nahia betetzeko. Oraindik ere lan handia dago egiteke euskararen normalizazioan; hori azpimarratu du, duela gutxi, Europako Batzordeak berak , Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzen ote diren aztertu ostean.

Jorratu beharreko bideak askotarikoak dira, beraz, baina bereziki bi esparru indartu behar dira: euskararen ezagutza eta euskaraz bizi ahal izateko guneak. Biak ala biak bultzatzen ditugu AEKn, jakina, eta horretxegatik egiten dugu bat manifestazio deialdiarekin.

Hizkuntza batean bizi ahal izateko, hizkuntza horren ezagutza ezinbesteko aldagaia da. Euskararen kasuan, ezagutza indizea  igo egin da azken urteotan, baina ez eragite nabarmenetarako beste: euskara ez dakitenen kopurua oso altua eta kezkagarria da oraindik ere. Bestalde, ezagutza indizearen barruan daudenak -ia euskaldunak, esaterako- erabiltzeko benetako gaitasunarekin zenbateraino bat datozen ere sakonago aztertu beharko litzateke.

Gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean, bere garaian, indar handia jarri zen haurren hezkuntzan, baina ia batere ez transmisioan; hau da, gurasoei begirako euskalduntzean, Helduen Euskalduntze Alfabetatzean. Egindako zenbait ikerketaren  arabera, azken hamarkadetan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu, eta horien herena euskaltegiei zor zaie, alajaina! Ametsetan hasita, zein egoeratan geundeke euskalduntze alfabetatzea buru-belarri bultzatu izan balitz eta, hezkuntzak euskaldundutako umeekin batera,indar berarekin eta neurri berean helduak euskaldundu izan balira?

Zalantzarik gabe, erabileran aurrera abiada egokian egiteko, hizkuntzaren ezagutza unibertsal bihurtu beharra dago, ezinbestekoa da ezagutza bermatzea. Horretarako, hartu beharreko neurrietariko bat da baliabideak jartzea, euskara ikastea doakoa izan dadin. Gaur egun, gezurra badirudi ere, herri honetan berezkoa dugun hizkuntza ikasteko ordaindu egin behar da. Gainera, bere garaian emandako pausu egoki batzuk  (azterketak gainditzeagatik jarritako bekak, administrazioko langileendako laguntzak eta liberazioak…) oso ondo baloratuak izan arren, eta doakotasunerako bidean ezinbesteko hobekuntzak izan arren, azken urteotan murriztu edota desagertarazi dira krisiaren aitzakipean. Helduen Euskalduntze Alfabetatzea da, euskaltegiok modu egokian bideratuta eta baliabidez jantzita, esparru administratiboan, sozialean eta lan-munduan ezagutza hori bermatzeko tresnarik eraginkorrena, baita erabilera eta normalizazioa bultzatzeko ere.

Bestalde, lehen aipatu dugun bezala, hizkuntza bat normaltasunez baliatzeko erabilera espazioak/guneak behar dira; haatik, tamalez, sarri askotan gertatu izan da, eskolak eta euskaltegiak euskalduntzeko guneak izan diren modu berean, kalea edota gizartea bera gai izatea jendartea erdalduntzeko. Euskarak, hortaz, erabiltzeko espazioak irabazi behar ditu, gune publiko zein pribatuak. Erabilerarako gune horiek toki publikoetan bermatzeko beharra ere hor dugu; euskara erabiltzeko benetako aukera eduki behar dugu, eta ez oztopoz jositako lasterketa edo proba. Esaterako, euskaraz bizi nahi dugunok erdarazko produktuak ditugu nagusi; besteak beste, telebista ikusi, zinema estreinaldiez gozatu edota zibermunduan ibili gura dugunean. Aisialdiarekin lotutako jarduera asko eta askotan, euskara bigarren mailan (edo atzerago) dago, eta egoera hori, noski, euskararen erabilera normalizatua lortzeko traba bihurtzen da.

Aipatutako arlo bi horiek lantzen ditugu AEKn, euskararen normalizazioan giltzarria den hirugarren zutabearekin batera, sustapena hain zuzen ere. Sustapenean, KORRIKA dugu ekimenik garrantzitsuena; bi urtean behin euskararen alde milaka lagunek betetzen dituzte Euskal Herriko errepideak. Datorren udaberrian, hain zuzen ere, 18. Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka pertsonak  omenduko ditu, euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak, beraiek direlako euskararen berreskurapenean zutabe garrantzitsuenetariko bat. Izan ere, helduak euskalduntzen doazen heinean, transmisioan etenik egongo ez dela ziurtatzen ari gara. Ikasi eta baliatu nahi dutenek egiten duten ahaleginari esker, elkarbizitzarako aukerak sortzen eta denok euskaraz bizitzea ahalbidetzen ari dira.

Hau guztia premiazkoa eta lehentasunezkoa dela ikusi beharko luke hurrengo Jaurlaritzak, eta hori da, hain zuzen ere eskatzen eta eskatuko duguna. Beraz, orain arte esan dugun guztiagatik, inongo aitzakia barik, abenduaren 1ean denok Donostiara, “euskaraz bizi nahi dugulako”.

Oskar Elizburu eta Mertxe Mugika, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea eta AEK koordinatzaile nagusia, hurrenez hurren.

Mobilizazio ugari deitu ditu EHEk Euskararen Legearen urteurrenean

Argazkian, prentsa agerraldia Gasteizen.

Azaroaren 24an 30 urte beteko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Euskararen Legeak. Horregatik, hainbat mobilizazio eginen ditu Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak. Eguna borobiltzeko giza-katea antolatu du Gasteizen “Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!” lelopean.

30 urte dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Euskararen Legea onartu zenetik. “Sumisioan oinarritutako 30 urte, arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun 30 urte, ipar egokirik gabeko 30 urte”, azaldu du EHEk gaur goizean Gasteizen egindako prentsa aurreko agerraldian. Horregatik, azaroaren 24an, urteurrenaren egunean bertan, hainbat mobilizazio deitu ditu hiru probintzia horietan. Eguna borobiltzeko, giza-katea antolatu du Gasteizen 17:30ean. Andra Mari Zuritik Legebiltzarrera luzatuko da “Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!” lelopean.

EHEren oharra:

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskararen legeak 30 urte beteko ditu heldu den azaroaren 24an. Hiru hamarkada, mende herena iragan da kasik euskararen herrian bertako hizkuntza normalizatzea helburu ei zuen legea onartu zenetik. Urteotan, egin beharreko bidearen zati bat egin denik ezin ukatu daitekeen arren, ezin da ukatu ere sumisioan oinarritutako 30 urte, arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun 30 urte, ipar egokirik gabeko 30 urte izan direla, finean, herrialdeotako Euskararen Legearen gerizan igarotakoak.

Euskaldunok geure burua zapaltzaile gisa ikusteraino menperatu gaituztenik ezin ukatu. Euskaraz bizi nahi izatea inposaketa bihurtu daitekeela sinetsarazi digute. Horixe da minorizazio prozesuaren ondorio latza. Eguneroko bizimoduaren distortsio neurrigabea, borreroa biktima eta aldi berean biktima borrero bihurtzerainokoa. Eta honek baditu erantzule zuzenak.

Minorizazioaren ondorioz gure herri nortasunaren enborra den euskarari adar izaera ere eman diogu. Euskara ez da erdigunea, euskara beste gai bat gehiago da gehienez ere. Eta honek ere baditu bere erantzuleak.

Berriki esan dugu: espabilatu behar dugu etxean, lanean, jolasean, tristuran eta pozean. Harrotasunez euskaraz bizi nahi dugula erakutsiko dugu han eta hemen. “Eta ezetz! Ez garela espaloitik jaitsiko” esan, edota ikustaraziko diogu hala eskatzen, iradokitzen edota inposatzen digunari.

Eta hori guri dagokigu, gure esku dagoela ulertu eta sinetsi behar dugu. Aukera pertsonalak sortzea eta elkarrekin agerian uztea lortu behar dugu. Abenduaren 1ean Kontseilutik egin dugun deialdia aukera paregabea dugu indarrez gure bizi nahi hori erakusteko.

Baina bizi nahia erakusteaz gain, baina, egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo duela argi eta ozen esatea ere badagokigu. Alternatiba gisa, ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea eztabaida politikoan kokarazi behar ditugu. Eman beharreko aldaketak gugan, gure esku daude, baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere eman daiteke aldaketa hori, eta eman behar da. Ez al daude abertzaleak berriz ere Jaurlaritzan? Bada, igarri dadila.

Instituzioetako jardunean zein gatazka gainditzeko eztabaidetan lehen lerroan egon behar duten gutxienekoak dira ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea. Oinarrizko bi ideia horietatik abiatuta eraiki behar dira adostasunak, gainontzean geure burua heriotzara kondenatzen baino ez gara arituko.

Hizkuntza politika burujabea

Jakin badakigu herri euskaldunak bere hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen legeria ezberdinak pairatzen dituena. Teorian ofiziala izan baina teoriaren letra txikian zein eguneroko praktikan beste hizkuntza ofizialaren ondoan menpeko estatusa duen onarpenetik hasita, Nafarroa Garaian pairatzen dugun zonifikaziotik igarota, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheren eduki ere ez daukagun errekonozimenduraino, herri euskaldunaren errealitate juridikoa negargarria da. Asmo on eta hitz ponposoen atzean 30 urteren buruan zerbitzu oinarrizkoenak ere norbere hizkuntzan jasotzeko ezintasuna, euskaraz bizitzeko debekua bizi dugu euskaldunok.

Honen aurrean, berriz ere, bertatik bertara eta kanpo esku hartzerik gabe erabakitako hizkuntza politika burujabea aldarrikatzea dagokigu Euskal Herri osorako.

Ekimenak:

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskararen Legeak herri euskaldunari ezarritako mugak salatu eta kateak aska ditzagun hainbat ekimen eta elkarretaratzetan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak EHEtik. Azaroaren 24an, aipatu legeak 30 urte betetzen dituen egunean bertan, egingo ditugun elkarretaratzeak:

Azaroak 23:

Zarautz: 19.00etan Udaletxe plazan

Azaroak 24:

Orereta:13.00etan Herriko plazan (eskualde mailakoa)

Donostia:12.30etan Bulebarrean (Erlojuaren ondoan)

Tolosa: 12.00etan Triangulon

Beasain: 12.00etan Zubimuzun

Ordizia: 12.00etan Plazan

Durango: 12:30 udaletxe aurrean (txiki-otaegi plaza)

Zornotza: 12:30 erreferendum plaza

Gernika: 13:00 merkurio iturria

Arrasate:

Portugalete:

Giza-katea:

Astean zehar egingo diren ekimen eta elkarretaratzeei txapela jartzeko giza-katea egingo dugu Gasteizen, 24an bertan. 17:30ean hasita, Andra Mari Zuritik Legebiltzarrera egingo dugu bidea “Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!” lelopean.

Euskal Herrian Euskaraz
Gasteizen 2012ko azaroaren 15ean

Igone Lamarain eta Unai Larreategi (EHE): “Euskaraz eta harro bizi nahi dugu”

Euskaldunok geure burua zapaltzaile gisa ikusteraino menperatu gaituzte. Euskaraz bizi nahi izatea inposaketa bihurtu daitekeela sinetsarazi digute. Horixe da minorizazio prozesuaren ondorio latza. Eguneroko bizimoduaren distortsio neurrigabea, borreroa biktima eta aldi berean biktima borrero bihurtzerainokoa. Eta honek baditu erantzule zuzenak.

Minorizazioaren ondorioz gure herri nortasunaren enborra den euskarari adar izaera ere eman diogu. Euskara ez da erdigunea, euskara beste gai bat gehiago da gehienez ere. Eta honek ere baditu bere erantzuleak.

Honela laburbildu zuen Xalbadorrek hori guzti hori:

“Lehen sartu zitzauzun ezpata zorrotza
zure etxe nagusi jartzean arrotza
halere ez zitzaizun gelditu bihotza
etxekoen eskutik duzu heriotza.”

Zorionez oraindik ez zaigu bihotza gelditu. Baina, mendeetako konkista kulturalari aurre egiten ez badiogu, uste baino lehenago aurki dezakegu heriotzaren amildegia. Etsipenetik idazten dugula ezin ukatu, baina ez gatoz hil kanpaiak jotzera. Garai berriak bizi ditugu, baina euskaldunak espabilatu ezean garai berriak “zaharrak berri” bihurtuko zaizkigu azkar baten.

Espabilatu behar dugu etxean, lanean, jolasean, tristuran eta pozean. Harrotasunez euskaraz bizi nahi dugula erakutsiko dugu han eta hemen. “Eta ezetz! Ez garela espaloitik jaitsiko” esan, edota ikustaraziko diogu hala eskatzen, iradokitzen edota inposatzen digunari. Eta hori guri dagokigu, gure esku dagoela ulertu eta sinetsi behar dugu. Aukera pertsonalak sortzea eta elkarrekin agerian uztea lortu behar dugu. Abenduaren 1ean Kontseilutik egin dugun deialdia aukera paregabea dugu indarrez gure bizi nahi hori erakusteko.

Baina bizi nahia erakusteaz gain, egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo duela argi eta ozen esatea ere badagokigu. Alternatiba gisa, ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea eztabaida politikoan kokarazi behar ditugu. Instituzioetako jardunean zein gatazka gainditzeko eztabaidetan lehen lerroan egon behar duten gutxienekoak dira. Oinarrizko bi ideia horietatik abiatuta eraiki behar dira adostasunak, gainontzean geure burua heriotzara kondenatzen baino ez gara arituko. Azaroaren 24an bertan 30 urte beteko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskararen Legea onartu zela. Sumisioan oinarritutako 30 urte, arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun 30 urte, ipar egokirik gabeko 30 urte, finean.

Badugu, beraz, gure bizi nahia non elikatu, aukera ugari dugu. Euskaraz bizi, independentziaz bizi! Eta adi mobilizazioei!

Igone Lamarain eta Unai Larreategi EHEko kideak

Euskara elkarri emateko deia luzatuko du Korrikak bere 18. edizioan

Argazkian, gaur Unesco Etxean, Bilbon, Korrika 18 aurkeztu dute Korrika arduradun Edurne Brouardek, AEKren Koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eta AEKren Artezkaritza kideek / cc-by-nd Euskalakari AEK.

Andoainetik, Martin Ugalde parketik, abiatuko da martxoaren 14an euskararen aldeko lasterketa erraldoia martxoaren; eta martxoaren 24an Baionan bukatuko da. Edizio honen lelo eta mezu nagusia “Eman euskara elkarri” da, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko. Horren harira, Korrika 18k eta AEK-k egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiak omendu nahi dituzte; bere ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako. Informazio gehiago Korrikaren web-gunean eta Korrika-AEKren sare sozialetan.

Korrika 18ren mezua: “Eman euskara elkarri”

Etxetik kaleratu behar zuten emakume batek bere buruaz beste egin du Barakaldon

Iturria: Bilboko Branka

Amaia Egañak 53 urte zituen eta leihotik behera egin du salto etxetik kaleratzera zihoazenean. 19:30ean manifestazioa deitu dute Barakaldoko Justizia Jauregitik. Stop Desahuciosek ere elkarretaratzea deitu du 21:00etan ezbeharra jazo den tokian.

Etxe kaleratzeek beste biktima bat eragin dute gaur Euskal Herrian. Amaia Egaña, bere etxetik kaleratua izan behar zuen 53 urteko barakaldotarra, bere buruaz beste egin du gaur goizean lehiotik behera jauzita. Berehala hil egin da.

Idoia Mendia Lakuako eledunak ezagutzera eman duenez, hildakoa Jose Manuel Asensio PSEren Barakaldoko zinegotziaren emaztea da.

Albiste agentziek diotenez, 09:20 aldera jazo da ezbeharra, Escuela de Artes y Oficios kaleko 11. zenbakian. Anbulantzia bat berehala bertaratu da baina ezin izan dute ezer egin emakumearen bizitza salbatzeko.

Mobilizazioak

Stop Desahucios eta Sendia elkarteetako kideak ere bertaratu egin dira. Stop Desahuciosek elkarretaratzea deitu du etxebizitzaren aurrean 21:00etan “terrorismo finantzarioaren aurka”. Kaleratzeen aurkako plataformatik onartu dute ez zutela kasuaren berri.

Barakaldoko bizilagunek, bestalde, manifestazioa egingo dute 19:30ean Bide Onera plazan dagoen Justizia Jauregitik, Herrikolore agerkariak jakinarazi duenez.

EH Bilduren proposamena

EH Bilduren hautagai Laura Mintegik esan du koalizioak Legebiltzarrean egingo duen lehen proposamena etxe kaleratzeak gelditzera bideratuta egongo dela. Gasteizko Parlamentuan egindako adierazpenetan azaldu du gaur Barakaldon jazotakoa “bakuen interesak pertsonen interesen gainetik jartzen duen politika ekonomiko baten ondorio larria” dela.

EH Bilduk etxe kaleratzeak geldiarazteko proposamen zehatza aurkeztu zuen hauteskunde kanpainan. Bankuek kaleratu behar dituzten lagunen etxeak instituzio publiko baten esku geratzea proposatzen du koalizioak. Instituzio horrek hipoteka ordaindu ezin dutenei etxean jarraitzea bermatuko lieke eta alokairu soziala jarriko lieke, beti ere irabazien %15 gaindituko ez lukeena. Behin egoera ekonomikoa hobetzen denean, pertsona horiek bankuarekin hipoteka berriz negoziatzeko aukera izango lukete.

Bilbon pediatra euskaldunak izateko zailtasunak azalarazi ditu Kontseiluak

Iturria: Bilboko Branka

Iñigo Larrondo (Errekalde) from Euskararen Kontseilua on Vimeo.

Iñigo Larrondo Errekaldeko bizilagunak bideo batean azaltzen duenez, ezinezkoa zaio auzoan alabarentzat pediatra euskaldunik topatzea. Abenduaren 1ean “Euskaraz bizi nahi dugu” lemapean Donostian egingo duen manifestazioara joateko deia zabaldu du Kontseiluak.

 

Faxismoa, sexismoa, diskriminazioa eta arrazakeria salatuko dituzte bihar “Kristal apurtuen gauean”

“Kristal apurtuen gaua” faxismo, sexismo, diskriminazio eta arrazakeriaren kontrako nazioarteko eguna izango da bihar, ostirala, Bilbon. Arratsaldean elkarretaratzea antolatu dute eta bideo emanaldia egongo da gai guzti horiek landuz. Zoritxarrez faxismoa, sexismoa, diskriminazioa eta arrazakeria eguneroko errealitatea dira oraindik ere. Gauzak horrela, azaroaren 9an, jokabide horien kontrako nazioarteko eguna izango da, “Kristal apurtuen gaua”.

18:00etan, bideo emanaldia eskainiko dute Komite Internazionalistak elkartearen egoitzan, Gatazkan, Erronda kaleko 12. zenbakian. Bertan, “Kristal apurtuen gaua” filma egongo da ikusgai.

Jarraian, 19:30ean elkarretaratzea deitu dute Arriagako plazan faxismoaren arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako deia zabaltzeko.

Becatu musika jaialdia, ate joka

Hainbeste denbora zain egon ostean, azkenean iritsi da atzerako kontaketa. Bi egun besterik ez dira gelditzen euskal musikak Barakaldoko BEC erakustazoka hartzeko. Larunbatean, 19:00etatik aurrera, euskaltzaleok hitzordua dute BECen.

Aspaldi iragarri genizuen bezala, Berrri Txarrak, Esne Beltza, Zea Mays, Willis Drummon eta Zuloak taldeak Becatu jaialdian arituko dira, azaroaren 10ean. Hain zuzen ere, euskaraz abesten duten taldeek topaleku bihurtuko da Becatu, larunbat honetan.

Sarrerak

Jaialdirako sarrerak Becaturen webgunean eskuratu daitezke.

Informazio gehiago www.becatu.com-en

Larunbatean guztiok Baionara presoen eskubideen alde!

Argazkian, azaroaren 10ean Baionan burutuko den manifestaziora joateko deia egin zuten urriaren 24an Bilbon batu diren eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik; tartean Hau Pittu Hau konpartsak.

Herrira mugimenduak larunbatean Baionako karriketan antolatu duen manifestazio nazionalera joateko azken deia burutu du gaur Bilbon egindako agerraldi publiko batetan. Bertan, Ane Zelaiak eta Nagore Garciak mobilizazioaren garrantziaz ohartarazi dute eta deialdiaren inguruan bildutako babesak destakatu dituzte. Historikoa izango den manifestazio baten aurrean gaude eta horrek Frantzia eta Espainiako Gobernuek indarrean mantentzen duten espetxe politika aldarazteko konpromiso berriak sustatu eta elkarlana areagotu behar du. Webgunean jarri dituzte larunbateko deialdiaren manifestua eta atxikimenduen zerrenda. Hain zuzen ere, Hau Pittu Hau konpartsak deialdiarekin bat egin eta bertara joatera deitzen du.